Jantzi beltz bi

JANTZI BELTZ BI

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Josu Penades

© Azal eta diseinuarena: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-052-2

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-150-5

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-149-9

Legezko Gordailua: S.S. 426/09

JOSU PENADES

JANTZI BELTZ BI

ELEBERRIA

ALBERDANIA

A.ri

Almike, harritu egingo zaitu nik idatzi izanak. “Amak idatzi?”, aterako zaizu, seguruenik. Ba, bai. Karpeta honetako paperak zeuretzat dira eta neuk idatzi dizkizut. Kontatzeko dauzkadanak grabatzea ere pasatu izan zait burutik; gertatzen dena da ez naizela ondo konpontzen halako aparatuekin, edo beharbada esan beharko nuke honezkero ez daukadala grabagailua erabiltzen ikasteko gogorik, konfiantzarik ematen ez didalako gehienbat; edo, ez dakit nola esan, zuregana hurbiltzeko egin dezakedan azkenengo ahalegina dela iruditzen zait kontatu gura dizkizudanak idatziz kontatzea. Horixe da, bai, elkarrekin berba egiterik ez daukagunez, zuri idazteko nire benetako arrazoia barru-barruan.

Zuri gaztetxotan asko gustatzen zitzaizun idaztea, eta ni poztu egiten nintzen logelan aurkitzen zintudanean zure koaderno haietariko batean zeure gauzatxoak idazten, edo egongelara etorri, eseri, oinak sofa gainean batu, eta belaunen gainean eusten zenuen koadernoan idazten paratzen zinenean, telebistakoa jarraituz, familiakoon arteko elkarrizketa eta eztabaidetan parte hartuz, edo, inori ere kasurik egin gabe, zeurean bete-betean murgilduz. Inbidia nizula nindoan esatera, zu baino txikiagoa edo zu baino gutxiago sentitzen nintzelako; baina ez zen inbidia zureganako sentitzen nuena, harrotasuna baino; harrotasuna nire alaba gauza zelako nik ez nekiena egiteko, idazteko, eta, gainera, gustatu egiten zitzaiolako. Idatzi beharrekoa idatzita, kutxatxoan gordetzen zenuen koadernoa. Akordatzen zara? Jakin ezazu oraindik bizi dela kutxatxo hura eta neuk daukadala; zabaldu ezin dudan arren, oraindik aldean baitu giltzarrapoa, ohe azpian daukat gordeta, eta ukitu egiten dut, hutsik gabe, ohean sartzen naizen bakoitzean (hartu dudan manietariko bat. Zer egingo dut, ba).

Eta ohean, aspaldi honetan, ez naiz gutxitan sartzen: gauetan, goizetan zein arratsaldeetan. Zergatik eta, minbizia aurkitu zidatelako joan den apirilean. Urdailean izan behar du bere gunea baina sustraiak zabalduta zeuzkan jada harrapatu genuenerako. Berandu harrapatu omen genuen, eta urtebeteko bizia geratzen zitzaidala esan zidaten medikuek.

Bide batez bada ere, esan behar dut oso majoak direla niri tokatu zaizkidan medikuak. Bat aipatu nahiko nizuke bereziki: Julen. Nire mediku izatetik nire lagun izatera pasatu da. Berak eman zidan berria, eta irensteko moduan azaltzen ahalegindu zen. Harrezkero konfiantza handia daukat berarengan. Arazoren bat daukadanean, txikiena izanik ere, kontatu egiten diot. Pazientziaz eta zorroztasunez entzun eta erantzuten dit. Biak eskertzen dizkiot nik, pazientzia eta zorroztasuna. Nolakoak dira ospitaleratzen zaituztenean zuri tokatzen zaizkizun medikuak? Etxera itzuli zinenetariko batean ezagutu nuena, nire memoria erabat hondatu ez bada, Irene deitzen zela uste dut, oso fin eta atsegina iruditu zitzaidan.

Azaldu dizudan bezala, ba, minbizia diagnostikatu, eta urtebeteko bizia geratzen zitzaidala esan zidaten medikuek. Egoeraz jabetu nintzenean, erabaki nuen, Julenen laguntzarekin honetan ere, adiskidetu egin behar nuela lagun berriarekin. Ez neukan beste irtenbiderik. Hasteko, behintzat, izena ipintzea otu zitzaidan, Hagintxo, sabel inguruan ematen dizkidan haginkadengatik. Begira ezazu zer-nolako laguna dudan, hil ere elkarrekin hilko baikara, bat-batera edo bera nire ostean, azkenengo unean ere ez omen zaio-eta kortesiaz jokatzea ahaztuko.

Ikusten duzu, sekula ez nago bakarrik. Hala eta guztiz ere, zure hutsunea sumatzen dut aspaldi honetan. Zu falta zaitut ondoan. Goizegi dut bilobekin hitz egiteko, oraindik gaztetxoak baitira, eta berandutu egin zait, berriz, zurekin lasaitasun betean ekiteko. Lehenengo kimioterapia-saioak hartu ostean hasi zitzaidan handitzen zure faltagatik sentitzen dudan hutsunea. Ez nuela inoiz eduki alabarekin patxadaz berba egiteko egokierarik sartu zitzaidan buruan; zehatzago esanda, nire bizitzan ez nuela alabarekin giro lasaian berba egiteko aukerarik sortzen asmatu izan ikusi nuen. Pentsamendu hori buruan bueltaka eta bueltaka zebilkidala otu zitzaidan, grabagailua erabiltzea baztertu eta gero, zeozer utzi behar nizula idatzita. Horrela sortu zitzaidan, labur esanda, paperok idazteko ideia. Bururaturikoa bete ahal izateko, ordea, eragozpen bat gainditu behar izango nuen. Nik ezer gutxi nekien idazten, eguraldi txarra egiten zuen egunetan eskolan ikasi nuen apurra besterik ez.

Bueno, apur hura, nolanahi ere (barkatuko didazu, Almike, zehaztasuna), oparoa zen. Eguraldi ona egiten zuenean etxean lagundu behar izaten genuen; beraz, eguraldi txarra egiten zuenean edo etxean zeregin berezirik ez zegoenean baino ez ginen eskolara joaten orduan auzokook. Nik ondo aprobetxatu nituen eskola gutxi haiek, edo ahalegindu nintzen, behintzat, aprobetxatzen, eta, horrez gain, niri gustatu egiten zitzaidan eskolara joatea. Bai, nik oroitzapen ona daukat Mañuko eskolaz, askotan joateko aukerarik ez nuelako izan, beharbada.

Harrokeriok albo batean utzita, nire asmoa bete ahal izateko, hau da, paperok zuri idatzi ahal izateko, ba, zertxobait hobeto idazten ikasi beharra neukan. Arazoa ikusi nuenaz batera agertu zitzaidan irtenbidea ere. Teilapera etorri da bizitzera helduei, Graduatua lortzeko, eskolak ematen dizkien maistra bat. Miren deitzen da. Eskaileretan berarekin topo egin nuen batean eman zizkidan azalpenak entzunda, eskola haiek zirela nik behar nituenak pentsatu nuen. Irailaren lehenengo astean amaitu nituen ordura artean programatu zizkidaten kimioterapia-saioak. Apurka-apurka indarberrituta-edo aurkitu nuen neure gorputza eta eskola haietara joaten hasi nintzen urrian, ikasturtearen hasiera-hasieratik. Mirenek ez dit eskolarik eman, Arantza eta Roberto izan ditut nire maisu-maistrak. Harrituta daude gainerako ikasgaietan aurrerapenik egin ez ia, eta hiruhileko bakarrean hizkuntzan lortu dudan mailarekin. Hizkuntzan diote eurek; nik, maistra izan ez arren, zehatzago hitz eginda, idazmenean esango nuke. Ez omen da ohikoa nirea bezalako bilakaera. Eurek ez dakite idazten ikasteko presa eduki dudala. Eurek ez dakite honezkero lau hilabeteko bizia besterik ez zaidala geratzen; baina, aldi berean, egun osoa daukadala neuk gura dudana egiteko, Hagintxok uzten didan heinean betiere. Eurek ez dakite, azken batean, bat egin dutela nire nahi, gogo eta borondateak. Eta horiek hirurak elkartzen direnean, egin daiteke zeozer, nire egoeran gauza handirik ez bada ere.

Hitza atera zaidanez, utz iezadazu argitzen, aurrera egin baino lehen, nire azalpenean ez dagoela inolako zeharkako mezurik. Idatzi eta gero gogoratu naiz sasoi batean, terapeutak “nahi”, “gogo” eta “borondate” hitzen esanahien arteko ezberdintasuna azaldu zigunez gero, zenbatetan aipatzen genizun borondatearen beharrizana sartuta zauden (edo, honezkero paperok irakurtzen ari zarelarik, zeunden esan beharko ote nuke?) kakatzatik irteteko. Julenek nire minbiziaren berri eman zidanean ere borondatearena aipatu nion nik, prest nengoela agintzen zidaten guztia eta egin ahalak egiteko gaixotasuna mendean hartzeko. Erantzun zidan borondate hark izugarri lagunduko zidala gaixotasunari aurre egiteko; ez, ordea, hura mendean hartzeko. Kontsultatik atera ginenean, niri ezer esan gabe, sastarrontzira bota zuen aitak bere zigarro-paketea. Harrezkero ez dut erretzen ikusi. Akats asko izango ditu aitak… Ez genuke zerrenda makala osatuko bion artean, ezta? Egia da. Hala ere bertute ederrak aurkitu, edota birraurkitu, ditut berarengan aspaldi honetan. Egingo dizut hitz eurei buruz egunen batean. Esatera nindoana zen akats asko izango dituela aitak baina ezin daitekeela uka bere borondateak gureak baino emaitza hobeak ematen dituela.

Azaltzen ari nintzenera itzuliz, ezin daiteke esan nire borondateak ere, kontatu dizudan bezala, emaitza txarrak eman dituenik idazte-kontuetan. Horrela, ba, ikasi gura nuena ikasi dudalakoan, erabaki dut ez naizela gehiago joango eskoletara. Neure buruari agindu diot Gabonotatik apirilera artean, edo hil artean behintzat, egunero idatziko dizudala zeozer, presarik gabe, baina egunero, hutsik gabe. Grazia eman dit “presarik gabe” atera izanak; nori eta, niri atera ere, nagoen egoeran. Eta horrelaxe da: honezkero ez daukat inolako ezta ezertarako ere presarik. Nork esango luke, ezta?

Honako hitz hauek koaderno batean idaztea pentsatu izan nuen hasiera batean, zeuk erabiltzen zenituen haietariko baten antzeko koaderno batean, alegia. Hala pentsatu eta hala egitea gehiago gustatuko litzaidakeen arren, koadernoa astunegia izango zela-eta poltsan eramateko, paperotan idaztea erabaki nuen azkenean. Idatzi, ez baitizut etxean soilik idatziko. Sortuz gero, ez nuke nahi zuri idazteko aukerarik galdu nagoen tokian nagoela, eta, horregatik, egunero sartuko ditut paper zuria eta boligrafoa beti neurekin eramaten dudan poltsan.

Hil artean idatziko dizudala esan dizut. Lasterketa bitxia da, gero, gure biona: ea lehenago nor hilko ari garela ematen du. Zuk ez daukazu nire minbiziaren berririk eta nik, bestalde, galdu dut ostera ere etxera hurbilduko zaren itxaropena. Telefonoak jo du. Aita doa hartzera. Itxaron egingo dut nor den jakin artean. Izeko Mari izan da. Telefonoak jotzen duenean atezuan jartzen naiz ea zeu ote zaren edo zeuri buruzko berriren bat emateko deitzen ote diguten jakin artean. Galdu dudala etxera berriro hurbilduko zaren itxaropena aitortu dizut. Beharbada, hiltzeko itzuliko zara, eta orduan neu ez naiz, seguruenik, etxean izango jada. Gertatzen dena gertatzen dela, berdin dio, nik idatzi egingo dizut hil artean.

Badakit inoiz irakurriko ez dituzun gauzak idazten ari naizela ia seguru. Hala sentitzen dut boligrafoa eskuan hartzen dudan gehienetan edo zuri idatzi behar honetaz pentsatzen paratzen naizen askotan. Batzuetan, berriz, uste izaten dut noizbait irakurriko dituzula idatziko dizkizudanak. Neure ustea baino ez da, ez eskatu arrazoirik. Horrela balitz, hau da, paperok irakurtzeko aukerarik edukiko bazenu nonoiz, zuk zeuk igarriko duzu noiz ari izan natzaizun neure barrua lasaitu gura hutsean eta noiz idatzi dizkizudanak irakurriko dituzun itxaropenaz. Ez naiz ni halako bereizketez arduratuko, ateratzen zaidana aterako zait, eta kito. Hori bai, paperok idazterakoan bete beharreko baldintza bat jarri diot neure buruari: ez denik ez esatea. Ulertzen duzu, ezta? Nik neuk bizi izan ez dudanik ez esatea. Nik neuk pentsatu ez dudanik ez esatea. Nik neuk sentitu ez dudanik ez esatea. Nik neuk amestu ez dudanik ez esatea… Oraintxe bururatu zait baldintza horrekin batera (edo bere barruan) doala esan beharrekoa azpildurarik gabe esatea ere, edo beste hitz batzuekin esanda, ahaleginduko naizela, ohartzen naizen heinean behinik behin, nire hitzetan zeharkako mezurik ez bidaltzen. Honezkero eman dizut horren erakutsia “borondate” hitza aipatu dudanean.

Esaten dizkizudanak esaten dizkizudala, ez dut nahi, inondik inora ere, nitaz errukitu zaitezen, ezta, are gutxiago, errudun sentitu zaitezen ere. Horrela gertatu izango balitzaizu, barkamena eskatzen dizut aurretiaz. Badakizu ez zaizkidala potozorrikeriak eta melengakeriak gustatzen. Ez naiz aldatu horretan; gozatu, zeozertxo gozatu naizela uste dudan arren.

Ez diot inori esan zer egiteko asmoa daukadan. Aitari azaldu beharko diot nonoiz, bere aurrean ere idatziko dut-eta, seguruenik, behin baino gehiagotan. Ikusiko dugu. Hasi egingo naiz, hasi naiz dagoeneko, eta ikusiko da ea zer egiten dudan.

Izango ahal duzu noizbait paperok irakurtzeko aukerarik! Ez dakizu zenbat poztuko nintzatekeen horrela gertatuko balitz, zure egoera zeozertxo behintzat aldatu den edo alda daitekeen seinale izango litzatekeelako hori. Badakizu zer izango litzatekeen handia niretzat? Ni oraindik bizirik nagoen bitartean, zu gelditzeko asmoz etxera itzultzea egunen batean. Idatzitako paperak emango nizkizuke irakurtzeko. Euretan esandakoaz egingo genuke berba, trankil-trankil; eta gero, itzuli izan ez bazina egunero-egunero idatziko nizukeena azalduko nizuke ahoz, entzuterik nahi izango bazenu betiere. Lehenago, ostean edo tartean, zeuk aukeratutakoan, gustura entzungo nizuke esan gurako zenidakeen guztia. Ez dut uste honezkero horrek baino gehiago ezerk poztuko nindukeenik bizitzan.

Sekula ez dut pentsatu halako gauzarik idazten jarriko nintzenik. Sekula ez dut pentsatu halako gauzarik kontatuko nizunik.

Eta behingoz gaian murgilduta, baldin eta arterago azaldutakoan nahikoa murgildu izan ez banintz, badakizu paperotan zeri buruz idaztea pentsatu izan dudan? Batetik, nire eta zure bizitzez. Esana dizut berandutu egin zaidala ama bezala berba egiteko zurekin. Beharbada, zor hori kitatzeko baino ez naiz paratu, azken batean, paperok idazten. Ez dakit. Zer ardura dit honezkero, baina? Dakidana da beharrizana daukadala nire bizitzako gauza batzuk zuri kontatzeko. Eta horrekin lotu-lotuta, azaldu nahiko nizuke nola ikusten dudan nik zure bizitza; barkatu, zure bizitzari buruz ezagutzen dudana: ezagutzen dudan apurra, zehaztu beharko nuke. Batzuetan pentsatzen geratzen naiz ea zer pentsatuko ote duten gure bilobek nire berri izan dezatenean. Eta paperok idaztea erabaki nuenetik galdera bera egiten diot neure buruari zutaz ere, hau da, ea zer pentsatuko ote duten nire biloba diren zure ilobek zure berri izan dezatenean. Nire eta zure bizitzez, ba. Hori batetik. Eta bestetik, idatzi gura dizut baita hemendik hil artean egin nahi ditudan nire gauzatxoei buruz ere. Egun batzuetarako etxetik irteten zarenean, dena delakoagatik, gasa eta ura zarratu eta argia amatatu behar dituzunean bezala, hil baino lehen bete beharreko ardura batzuk dauzkat. Horiek ere azaldu nahi dizkizut, zeintzuk diren eta nola noan euretariko bakoitza betetzen. Oraingoz, zazpi dira; gaur bertan zehaztu eta kontatu ditut. Nire eta zure bizitzez eta hil baino lehen bete nahi ditudan ardurez, ba. Badakizu zenbat gustatzen zaidan bi gauza edo gehiago batera egitea. Egia esan, ikusiko duzu zenbat galdu dudan horretan ere.

Horra hor nire asmoa. Ea nola betetzen dudan.

Idatzi eta gero konturatu naiz ez dela zuri aipatzeko adibiderik egokiena izan etxetik irtetean kontuan eduki beharreko ardurena. Jaso ditudan azkenengo berrien arabera, kalean jarraitzen duzu bizitzen, zure oraingo mutil-lagunarekin.

Ile-apaindegian nago, eserita, Nuria noiz libratuko itxaroten. Peluka berri bat da hil baino lehen egin behar dudan lehenengo gauza. Julenek esan dit balitekeela beste erradio- edo kimio-saio batzuk hartu beharra edukitzea baldin eta min handiak badauzkat; mina arintzeko, besterik gabe. Badaukat etxean peluka zahar bat, eta moldatuko nintzateke harekin ilea berriz jausiz gero. Heriotza-egunera ilerik gabe ailegatuko banintz, ordea, peluka dezenteagoa eduki nahi izango nuke buruan ipintzeko. Niri neuri, egia esan, berdin zait, edo hori uste dut nik behintzat. Ingurukoengatik da, gehien bat. Bestalde, aspaldi honetan zure neba eta koinatek erretratu eta bideo askotxo egiten didate, disimuluz eta disimulurik gabe, eta halakoetan ere nahiko nuke ahalik eta itxurarik onena azaldu, niri buruzko oroitzapen onarekin gera daitezen (“zaitezten” da honako honetan erabiltzea gustatuko litzaidakeen berba), merezi ez duenagatik sufri ez dezaten, azken batean. Beharbada, nolanahi ere, neure koketeria-kontuak besterik ez dira izango horiek guztiak. Ez dakit. Zer ardura du, baina.

Hiru aste barru eginda izango dudala nire peluka berria agindu dit Nuriak.

Aspaldi honetan zure neba eta koinatek erretratu eta bideo asko egiten didatela esan dizudanean, gure osaba baten erretratatzeko makina etorri zait gogora. Ameriketatik ailegatu berria zen, eta, etxera bidean, gurean gelditu zen familiakook agurtzeko. Ezagutzen ez nuen arren, egia esan ez dakit zergatik, bere belaun batean eseri nintzen, eta han eduki ninduen gure gurasoekin hitz egiten ari zela, halako batean kontu handiarekin behegainean utzi ninduen artean. Zutitu, bere maletatik erretratatzeko makina bat atera, azalpen batzuk eman, eta lepotik eskegi zidan makina. Izugarria izan zen hura niretzat. Momentu hura magikoa izan zen eta neuri ari zitzaidan gertatzen. Nola funtzionatzen zuen patxadaz azaldu ostean, erretratu batzuk egiteko eskatu zidan: bera gure gurasoekin, gurasoak bakarrik, txakurra… Sekula ez nuen nik halako oparirik jaso. Berehala etorri zitzaidan burura erronka: Pilarri erretratu bat ateratzea lortu behar nuen. Sasoi hartan etengabe neukan Pilar gogoan. Zuek ez zenuten ezagutu, eta, dena aitortu behar badut, neuk ere ez.

Txabola baten antzekoa zen Pilarren etxea. Orduko hartan bularraren pareraino ailegatzen zitzaidan harrizko horma batekin zeukan zarratuta inguruan zuen lur-saila. Beti itxita aurkitu ohi nuen erromara bat zen etxaldeko sarrera. Sasoi hartan une luzeak ematen nituen erromara haren ertzetik begira, irrikaz Pilar behingoz noiz ikusiko, eta, aldi berean, atezuan Pilarrek ikusia ez izateko, ez baitziren batere goxoak izaten Pilarri buruz entzuten nituen istorioak. Esan beharrik ere ez dago, ba, Pilar ezagutzeko gogo bizia neukala, nahiz eta, ezagutu ez arren, beldur nion.

Misterio-kutsua hartzen nien Pilarri buruz nagusiek kontatzen zituztenei. Hurbilen-hurbilen bere katu beltza ondora etorri zitzaidanean sumatu nuen. Miauka hasi zen ikusi ninduenean. Erromaratik aldendu, eta harrizko hormaren kontra etzan nintzen ni orduan, ezkutatzeko. Etxetik erromararako bidea miauka egin ostean, isildu egin zen aurkitu ninduenean. Laztandu egin nuen, lehenengo belarriartean eta gero burutik buztaneraino bizkar osoan zehar, eseri, eta altzoan hartu nuen artean. Luzaroan egon nintzen erromararen kanpoko aldean eserita Pilarren katu beltza altzoan neukala. Denbora hartan guztian behin baino gehiagotan sumatu nuen Pilar guri begira etxeko leihoren batetik edo zegoela zegoen lekutik. Nik ez nuen egundo ikusi bera, baina berak ni behin baino gehiagotan ikusi ninduela iruditzen zait.

Osaba Ameriketatik bisitan ailegatu zen arratsalde hartan sukaldean sartu nintzenean keinu nabarmenen bat egin behar izan nuen sudurrarekin. Pipako tabakoaren usaina zela azaldu zidan amak. Pipan erretzen zuen lagun batek ekarri zuen osaba autoan. Orduan ikusi nuen lehenengoz pipa bat eta orduan usaindu nuen lehenengoz pipako tabakoaren kea nire bizitzan. Osabak lepotik eskegi zidan erretratatzeko makinaren begitik begira ari nintzenetariko batean, Pilarrek ere pipan erretzen zuela etorri zitzaidan gogora. Harriduraz-edo ematen zuten horren berri guztiek. Egia esan, neuk ere ez dut ezagutu nire inguruan pipan erretzen duen andrerik. Osabak lepotik eskegi zidan erretratatzeko makinaren begitik begira ari nintzenetariko batean, ba, Pilarrek ere pipan erretzen zuela etorri zitzaidan gogora, eta berehala hartu nuen erabakia: erretratu bat egin behar nion Pilarri pipa erretzen ari zela.

Halako batean, baina, osabak aditzera eman zidan erretratatzeko makina hura ez zela niretzat.

Memorian sartu-sartuta daukat arratsalde hartako oroitzapen zolia. Neure burua ikusten dut uhala lepotik dudala, makinari bi eskuekin oratzen. Etengabe begiratzen nuen haren begitik. Dena eta denak ikusten nituen hurbil, eta, era berean, niregandik aldenduta. Magia iruditzen zitzaidan. Murgil-murgil eginda nengoela, ordea, sartu nintzen besteko harridurarekin atera behar izan nuen amets hartatik: klix-klax sartu eta klix-klax atera. Betiko egin zuen alde makina hark nire eskuetatik. Osabak, nire itxura ikusita seguruenik, agindu zidan hurrengo bisitaldian ekarriko zuela erretratatzeko beste makina bat niretzat. (Hura izan zen osaba ikusi nuen lehenengo eta azkenengo aldia. Ni jaio baino lehen joan izan zen Ameriketara, eta, bisita haren ostean berriro hara itzuli zenean, gaixotu, eta hil egin omen zen).

Harrezkeroztik, erretratatzeko makinarik gabe ere une luzeak eman nituen Pilarren erromaran. Orduan ere ez nuen hura ikusterik lortu. Pentsatuta neukan udaldiko iluntzeren bat izan zitekeela Pilar ikusteko sasoirik egokiena. Etxaurrean irudikatzen nuen, lizarpean, eserita, pipa erretzen, afaria jan ostean. Orduko hartan ere ezin izan nuen lortu, udaberrian joan bainintzen Busturiako Larrinagatarrenera kriada-lanetan. Han ari nintzela etxera bisita egin nuenetariko batean eman zidaten haren heriotzaren berri: pasatuak ziren hilabete bi hil zela. Haren etxaldera joan nintzen. Botata aurkitu nuen etxea; harrizko horma, desagertuta. Mantentzen zen gauza bakarra haren izena zen: harrezkero Pilarren soroa deitzen zioten (eta diote) arlo hari. Ez nintzen sartzera ausartu; ez dakit zergatik.

Osabaren erretratatzeko makina hark alde egin zuen nire eskuetatik baina haren begia betiko geratu zen nire memorian, aspaldian ahaztuta izan dudan arren. Laster hiltzeko nagoen honetan ere, uste dut berriro hasi naizela denari eta denei begi haren bitartez begiratzen. Eta begi hartatik oharkabean begiratzerakoan hurbilen ikusten dudana Pilarren etxaldea da oraindik. Sekula zapaldu ez nuen etxaldea, beti erromararen kanpoaldetik begiratzen niona, bertatik bertara ezagutu ez nuena. Egundo ez nintzen sartu nire ametsetako etxaldera, nire umetako ametsen etxaldera.

Osabaren erretratatzeko makinarena kontatu nionean aitari nobiotan, zuk ondo ezagutzen zenuen erretratatzeko beste makina hura oparitu zidan nire hurrengo urtebetetze-egunean. Izugarrizko poza eman zidan. Seinaletzat hartu nuen, aitaren eta bion arteko bizitza ondo aterako zen seinaletzat. Eta halaxe izan zen. Ni, behintzat, ustez zoriontsu bizi izan nintzen urte batzuetan. Zehatz gogoratzen naiz noiz artean.

Gauza bategatik edo besteagatik (arroparen bat hartzeko edo garbitutakoak uzteko, batik bat), egunero irekitzen nuen (behin baino gehiagotan, gainera) gure logelako armairua. Zuzenean edo zeharka, han ikus zitekeen, zegoen tiraderaren zulotik, aitak oparituriko erretratatzeko makina. Halako batean, berriz, hutsuneari erreparatu nion. Ireki egin nuen tiradera, begiratzeko. Ez zegoen han makina. Aitak hilabeteak zeramatzan itsasoan; beraz, ez zuen hark hartu. Anderri galdetu nion, Iñigori gero, eta, azkenengoz, zeuri. Ez zenuten inork hartu, baina makina ez zegoen bere tokian. Asteak pasatu ondoren, etxeko zokondo guztiak ez dakit zenbat bider arakatu eta gero, aldendutzat eman nuen, zer gertatu zitzaion jakin gabe. Ardura, ordea, ezin nuen burutik kendu. Handik lasterrera, larri zenbiltzala konturatu nintzen. Gau batean, telebista ikusten ari ginela, hiruzpalau bider joan zinen komunera. Zuk ukatu egiten zenidan arren, eskua edo eskuak ahora eramanez botaka egin beharrean gaudela adierazteko egin ohi dugun keinua egin zenuen komunera abiatu zinen ia guztietan. Alferrikakoa izan zen disimulatzeko egiten zenuen ahalegina. Susmoa hartu, eta blastakoan galdetu nizun ea haurdun zeundenentz. Ezetz erantzun zenidan, ezetz eta ezetz. Egun batzuk garrenean, arratsalde erdian ailegatu zen Ander etxera, aireportutik zetorrela-eta. Ez nenbilen oker, zuzena zen nire susmoa. Londresera omen zindoazen, abortatzera. Ez dakit nola jarraitu zizun arrastoa Anderrek.

Orain beste gauza batzuk aipatu gura dizkizut-eta, hurrengo batean azalduko dizut zure nebei buruz zer pentsatzen dudan. Hala ere, bide batez, utz iezadazu Anderri buruz esaten arduratu egiten ninduela sasoi hartan. Berezia iruditzen zitzaidan orduko bere jokabidea. Fraile-edo joan zitekeela ere pasatu zitzaidan burutik nonoiz. Bueno, esan bezala, nahiago dut hurrengo baterako utzi zure nebei buruzko kontuak.

Lagunekin aterpetxe batean egun batzuk pasatzera zindoazela-eta irten zinen etxetik. Egin behar zenuenaren berri eman zidanean Anderrek, duda piztu zitzaidan etxera itzuliko ote zinen. Itzuliz gero zer esan beharko nizukeen pentsatzen eman nituen egun bi, euren gau biekin batera. Dakizun bezala, itzuli egin zinen. Orduko hartan buelta asko eman banion ere, gaur ez naiz gogoratzen zer esan nizun zehazki. Ondo gogoratzen naizena da zuk zer erantzun zenidan: “Zer dakizu zuk bizitzaz, ba?”. Ez nizun aurpegiko bat eman ez dakit zergatik. Sutu egin zitzaidan barrua, igarri egin nuen nola ari nintzen berotzen tripetatik bururaino. Ume lotsabako baten erantzuntzat hartu nuen zure orduko hura.

Oroitzapen horiek guztiak beti izan ditut neurekin gertatutakoak gertatu ondoren. Azkenengo urteotan, edonola ere, beste modu batera ulertzen ditut. Uste dut zeuk ere ikusiko duzula nire aldaketa hori paper hauek irakurtzen badituzu. Hala itxaroten dut, behintzat. Baliteke zuzena izatea nire buruari egiteko, zuk orduan bota zenidan galdera: “Zer dakizu zuk bizitzaz, ba?”. Zuzena ez zena da, nire ustez, galdera haren bidez, zeure burua zuritzeko, aditzera eman gura zenidana: ama, nik zuk baino gehiago dakit bizitzaz. Zehazten hasita, berba horiei “gaurko” bat gehituz gero, ama, nik zuk baino gehiago dakit gaurko bizitzaz, nik egun ikus dezakedana da ondotik pasatu zaidala gaurko bizitza, eta, zu, berriz, irentsi egin zaituela gaurko bizitza honek. Arinegi noa. Berbokin esan nahi dizudana azaltzen ere ahaleginduko naiz paperotan.

Aldatu naizen arren, oraindik badaukat, ikusten duzun bezala, dena batera esateko joera. Badakizu zertan aldatu naizen? Ba, jada ez dut hainbeste berba egiten.

Zure urtebetetze-eguna da gaur, Inuzente-eguna. Ulertuko duzu Londresera egin zenuen bidaia etortzea nire gogora gaurko honetan. Gaur betetzen dira hogeita bat urte. Zorionak eman nizkizun zure hemezortzigarren urtea betetzeagatik, goizean, lagunekin aterpetxean hiru egun pasatzeko abiatzera zindoazela. Zuk urteak betetzea ospatzen zenuen; nik, mamala galant honek, nire eguna: Inuzente-eguna.

Nik uste izan nuen, bete-betean, erretratatzeko makina salduta eskuraturiko dirua Londreserako bidaia ordaintzeko erabiliko zenuela. Uste hori izan nuen harik eta hurrengo asteetan beste gauza batzuk ere aldendu izan zirela etxetik konturatu nintzen artean: zure logelako telebista, komuneko irratia, aitaren traje bat eta jai-egunetako erlojua, arreoko izara bordatuak eta urrezurizko kubiertoak, Anderren eta Iñigoren udako oinetakoak… eta, jasangaitzena egin zitzaidana, amumak oparituriko kobrezko kandelabroak.

Hurrengo batean amumari buruz ere hitz egin gura dizut. Hurrengo batean; gaur, hartutako haritik jarraituko baitut.

Oraintxe konturatu naiz beharbada ez nizkizula aipatu behar izan etxetik saltzeko hartu zenituen gauzak. Aipatu baditut, ez da izan ezer aurpegiratzeko asmoarekin; alderantziz baino: jada ez nagoela ordukoagatik haserretuta erakusteko balio izatea gurako nuke.

Esan bezala, hurrengo asteetan, etxean beste gauza batzuk ere falta zirela konturatu nintzenean duda erne zitzaidan erretratatzeko makina salduta eskuraturiko dirua Londreserako bidaia ordaintzeko erabili ote zenuen. Gutxienekoa zen, edonola ere, hala izan zen edo ez. Argi zegoena zen beste zeozer ere bazenerabilela zuk esku artean, gauza haiek guztiak salduta Londreserako bidaia ordaintzeko baino nahikotxo gehiago atera baitzitekeen.

Osteguna izan zen gertatutakoaz konturatu nintzenean. Berehala gogoratu nintzen lagun sareginen batek esan zigula astearte eta ostiraletan etorri ohi zela auto bat droga saltzera moila berrira. Haraxe joan nintzen biharamunean. Bazkalostetik aritu izan nintzen punta batetik bestera paseoan. Bost eta erdiak inguruan hasi zen pilatzen jendea haitzen ondoko zokondoan. Jendea esan dut; zehatzago berba eginda, gazteak edo gaztetxoak zirela batzen hasi zirenak esan beharko nuen. Seietarako, puntu-puntuan, ailegatu zen auto beltza. Lekua egin autoari, eta erreskadan jarri ziren guztiak. Badakizu zerk eman zidan atentzioa? Isiltasunak. Bat-batean mututu egin zen harrabotsa. Olatuen zarata entzuten hasi nintzen. Nekearen nekeaz edo urduritasunagatik, zorabiatzeko zorian barrundatu nuen neure burua. Izerditan hoztuta nengoela konturatu nintzen. Orroka eta mugitzen hasi zitzaizkidan tripak. Neure onera-edo itzuli nintzenean, gehitxoago hurbildu, eta banan-banan begiratu nien erreskadako guztiei. Ez zintudan aurkitu. Lehenago baino nekatuago sentitu nintzen. Olatuen zaratari erreparatu nion berriro ere. Tripenei, ostean. Itxaroten zenuen zeozer bete ez izanak etsipena sorrarazten dizu itxaroten zenuena pozgarria izanez gero, edo lasaitasuna ematen dizu baldin eta itxaroten zenuena gustukoa ez baduzu. Nik itxaroten nuena, jakina, ez nuen batere gustuko; hala ere, ez nintzen trankil geratu bete ez zenean. Argi neukan dirua behar zen zeozertan murgilduta ari zinela. Moila berrian zu aurkitu ez izanak esan gura zuen beste zeozer pentsatu behar nuela. Eta une hartan nekea sorrarazten zidan horrek, hau da, ez neukan indarrik nondik heldu ere ez nekien zeozeri buruz pentsatzen hasteko. Pauso-hots batzuek atera ninduten pentsamendu haietatik. Urruti zentozten arren, begiztatu zintuztedan lehenengo unetik konturatu nintzen zeurea zela hiru neska haietatik txikienaren ibilera. Justu-justu ailegatu zineten erreskadako azkenengoa, berea eginda, autotik aldentzera zihoan unean.

Zure ondora ailegatu nintzenerako amaituta zeneukan zeuk ere tratua. Jenio bizia daukadan ospea izanagatik, “ene alabatxoa” besterik ez zitzaidan atera elkarren aurrez aurre geratu ginenean. Ni han ikusi izanak sorrarazi zizun harridurarekin, gertatzen ari zenari neurria hartzen zenion bitartean-edo eutsi zion zure begiradak nireari. Ezagunak izan nituen begi haiek; arrotza, ordea, euren begirada. “Ez deitu ‘ene alabatxoa’”, esan zenidan, “zu ez zara nire ama”, eta alde egin zenuen nire ezkerraldetik zure lagun haiekin.

Une batez oinak behegainari lotuta sentitu ostean, zeuon atzetik abiatu nintzen. Zeozer egin beharra neukala uste izan nuen, baina ez nekien zer. “Nora zoaz?”, atera zitzaidan. Ea niri zer ardura zidan, erantzun zenidan berehalakoan, zeuon bidean gelditu gabe, atzerantz begiratu zenuela. Ez dakit une hartan zerk galarazi zidan herri guztian entzun ahal izango zen moduko aurpegikoa ematea zuri; zein gustura utziko nizkizun markatuta nire bost atzamarrak zure masailean neure indar guztiekin. Salduta aurkitu nuen neure burua. Estropezu egin, eta behegainera jausi nintzen. Zuek ez zineten konturatu ere egin, edo, konturatu bazineten, ez zenuten horren erakutsirik eman. Altxatu, eta korrika hasi nintzen zeuok harrapatu nahian. Arnasestuka, “Almike, ene alabatxoa”, atera zitzaidan ostera ere. Orduko hartan bai gelditu zinen; buelta eman, eta oihuka erantzun zenidan lehentxeago ere esana zenidala ni ez nintzela zure ama. “Eta beste gauza bat: ez itxaron gehiago etxean”. Mutututa gelditu nintzen. Nire inuzentetasunik handienarekin, halako batean, ea nola biziko zinen galdetu nizun. Aurretiaz prestatuta edukiz gero ere ezin izango zenidan azkarrago eman erantzuna: “Gaur egun beste modu batzuetara ere ateratzen da bizimodua”. Ez dakit zer pasatu ez zen nire burutik momentu hartan. Ezin nion zuen pausoari gehiago jarraitu. Lehertuta nengoen.